Zentroko Irakurketa Planaren ezaugarriak

Zentroko Irakurketa Planak agiri soil eta operatiboa taxutu behar du, eta bertan bildu behar ditu irakurketaren inguruan irakasleen eta hezkuntza-komunitateko gainerako guztien lana orientatzeko hartutako erabaki guztiak. Zentroko Hizkuntza Proiektuaren barruan txertatu behar da agiria. Halaber, Zentroaren Urteko Planean jaso behar dira Irakurketa Planaren ondorioz sortutako ekintza eta jarduerak.  

Irakurtzeko gaitasunaren inguruko metodologiari eta ebaluazioari buruzko erabakiak koherentziaz sartu behar dira arlo, esparru eta materia guztietako programazio didaktikoetan.

Zentro bakoitzak bere lan-ildoa diseinatu behar du, bere errealitatearekin bat, eta aldiro-aldiro egokitu, irakurtzeko praktikan etengabeko prozesuan lortu den hobekuntzaren ebaluazioaren arabera.  

Gure hezkuntza-sistemari eusten dioten habeak oinarri hartuta, zeina gaitasunen garapenean baitago funtsatuta eta Heziberri 2020 planaren barruan eratutako esparru pedagogikoan jasota.

  • Malgutasuna eta egokitze-gaitasuna: Planak zentro bakoitzaren premia eta aukeren araberakoa izan behar du, bakoitzaren errealitatearekin eta testuinguruarekin moldatu behar du; hortaz, zentro bakoitzak erabakiko du zein arlotan daukan premia gehien, eta zer helburu eta ekintza landuko dituen.
  • Prozesu graduala: hezkuntzaren etapa guztiei erreparatu behar die Planak (HH, LH, DBH), irakurtzeko gaitasunaren garapena prozesua dela ulertuta; apurka landu behar da, lorpenez lorpen.
  • Aniztasuna: zentroko errealitate guztiei erantzun behar die Planak, besteak beste, ikasteko oztopo orokorrak dituzten ikasleei, idazteko eta irakurtzeko zailtasunak dituztenek, edo gaitasun apartak dituztenei, ezberdintasun soziolinguistikoei eta abarri.
  • Erantzukidetasuna: hezkuntza-komunitateko eragile guztiak inplikatu behar ditu Planak: gai guztietako irakasleak, ikasleak, familiak eta abar.  Irakurtzeko gaitasuna ezin zaio lotu jakintza-arlo bakar bati, arlo guzti-guztietan baita beharrezkoa.  Eskolatik kanpora ere iristen denez, eskolatik kanpoko beste eremu batzuei ere badagokie.  Horregatik, zenbat eta jende gehiago erakarri, orduan eta eraginkorragoak planeko ekintzak.